XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Industri iraultza eta gaur egungo kolonialismoa

- Definitu edo deskribatu irudikatutako pertsonak edo eszenak.

- Azaldu Japoniaren politika espantsionistaren arrazoi eta ondorio nagusiak.

shogun (japonieraz barbaroen aurkako jeneralisimo esan nahi du): ainu-en kontrako ekintza militarrez arduratutako jeneralari enperadoreak emandako gradu militarra. 1192an diktadore/lehen-ministro kargua hartu zuen.

samurai: diruaren edo elikagaien truk jaunen zerbitzura zegoen gerlari profesionala.

Japoniako inperialismoa

XIX. mendera arte, Japoniako inperioan mende askotako tradizioa zuen gizarte-egitura aldatu gabe mantendu zen. Enperadoreak jainkozko jatorria zuen eta jaun absolutua zen; botere politikoa shogun deitutako buru militarraren esku zegoen. Hurrengo gizarte-kategoria jaun feudalena zen; horien azpitik klanetan biltzen ziren delakoak zeuden, jaun feudalen zerbitzura hain zuzen ere. Azkenik, jaun feudalen mendekoak ziren nekazariak zeuden.

Japonia, 1854. urtera arte, amerikarrek Txinarako merkataritza-ibilbidean euren untziek eta baleuntziek portu japoniarrak erabil zitzaketela erabaki zuten arte, isolatuta egon zen.

Errusiako eta Estatu Batuetako gerrauntziak iritsi zirenean, Japoniak britainiarrek, frantsesek, errusiarrek, nederlandarrek eta estatubatuarrek merkataritza-koloniak ezartzeko eskubidea onartu zuen. 1858an itun bat sinatu zuen eta itun horrek Japonia Mendebaldearekin merkataritza-harremanetara eta, era berean, kulturaletara eta politikoetara irekitzea behartu zuen.

Egoera iraingarri horren ondorioz, hainbat klan eta samurai altxatu egin zen shogun-aren aurka eta boterean beste enperadore bat jartzea lortu zuten, Mutsuhito. Honekin, 1868an Meiji Tenno aroa (gobernu argitua) edo Meiji ilustrazioa hasi zen; Japoniaren aldaketaren hasiera izan zen.

Enperadore berriak ondorengo erreforma hauek bultzatu zituen: shogun-erregimena baztertu zuen ofizialki, isolamendua abolitu zuen eta Japonia mendebaldeko ohiturak hartzen hasi zen, batez ere industrian. Aldaketa hau hiru esparrutan gertatu zen aldi berean:

- Gizarte-esparruan erregimen feudala kendu zen eta berdintasun juridikoa ezarri zen.

- Esparru politikoan eta ekonomikoan irakaskuntza, prentsa, polizia, justizia, garraioak, osasuna eta hazienda erreformatu ziren, eredu europarren arabera. 1889an lehenengo Konstituzioa promulgatu zen estatutu gisa; sufragio mugatuan oinarrituta zegoen.

- Kanpo-politika espantsionistari dagokionez, Japoniak potentzia inperialista izan nahi zuen eta, horretarako, lurralde berriak behar zituen industrializaziorako behar-beharrezkoak ziren lehengaiak eta energia lortzeko. Horretaz gain, bere lurraldea hedatu behar zuen gero eta handiagoa zen biztanleria bertan kokatzeko.

Gogo espantsionistak Txina eta Japoniaren arteko gerra bultzatu zuen (1894-95) eta, besteak beste, Formosa irla eta Port Arthur eskuratu zituen.

Koreako penintsula Japoniaren eraginaren mende geratu zen eta Mantxuria aberatsean sartu ziren. Baina eskualde horren atzetik zebiltzan errusiarrak ere eta tentsioek Errusia eta Japoniaren arteko gerra piztu zuten (1904-1905); Errusiak porrot egin zuen eta iraindua izan zen eta Japoniaren garaipenak mundu osoa harritu zuen. Garaipenaren ondorioz, Japoniak Sakhalin, Mantxuria eta Port Arthur eta Koreako ingurua bereganatu zituen; azken hori 1910ean anexionatu zen.